Neu Troiaren lehen lan luzea kalean dago! Arriskuaren Xarma izenpean, Julen Azkonak (Iruñea, 1993) abiatutako bakarlari proiektuari lagun berriak batu zaizkio: Gorka Gabilondo (Donostia, 1994) teklatu eta ahotsetan, Xabier Matxain (Añorga, 1994) gitarra zein baxuan eta Iker Vazquez (Donostia, 1994) bateria eta perkusioetan.
Metamorfosi moduko batean, soinu landu eta beteago bat topatuko du entzuleak Neu Troiaren azken lan honetan. Horren atzean dagoen arrazoi nagusietako bat Jon Aguirrezabalagaren esku fina da, zeinak diskoaren grabaketa, nahasketan eta ekoizpenean parte hartu duen (El Tigre estudioa, Bilbo). Azkenengoz, Alex Ferrer izan da masterizazioa garatu duena Bartzelonako The Groove estudioan.