“Izenik gabeko disko bat aterako dugu. Eta aurten aterako dugun bigarren baten aurrekaria izango da”, kontatu zigun duela hilabete batzuk Unai Pelayok, Pelax taldeko buruak. Orain arte egindakotik oso urrun nabaritu nuen: “Lokalean inprobisazio saio batzuk egin genituen eta hortik abiatuta atera da ideia”. Lehen zatia maiatzaren 9an kaleratu dute Berriaren Badok atarian, eta bigarrena urtea amaitu aurretik argitaratzea espero dute. Taldearen erronka berri hau hobe ulertzeko, diskoa grabatzen ari ziren Berako Atala estudiora hurbiltzea beste aukerarik ez genuen izan.