BD09 //

Arketipoak

Neu Troia // 2022

Inkontzienteak jarraitzen dituen mekanismoak azaltzeko saiakeran, Carl Jung (1875-1961) psikoanalisiaren aitzindariak arketipo kontzeptua proposatu zuen. Honen arabera, gizakiak berezko egitura mental komun bat partekatzen du, zeinak sinboloen bitartez transmititutako iruditegi kolektiboan du sorburu. Norbanakoaren psikologiari dagokionez, arketipo hauek emozio edota portaera eskema desberdinak islatzen dituzte. Honela, arketipoen arteko harreman konplexuak definituko luke gure buruaren funtzionamendua, haragi-odolezko organoek gorputzarena zehazten duten moduan.

 

Gorputzaren irudia jarraituz, abesti bilduma honek disekzio baten itxura hartzen du; inkontzientearen disekzioa. Honela, esperientzia konkretuetatik abiatuz patroi desberdinak sailkatzen joan da autorea, eta jolas artistiko modura, Jungek egindako arketipo proposamenak bere erara birsortu ditu,  iruditegi kolektiboan ditugun zenbait irudi maileguan hartuz.

 

Entzulea identifikatuko al da topatutako arketiporen batekin? Artelanean erantzun nahi den galderetako bat izanik, arketipoak zer diren interpretazio desberdinetara irekita dago, entzule bakoitzak bere eduki propioez bete ditzan.

 

Estilo aldetik, abestien sorburu nagusia gitarra akustikoa izan da. Arketipoak gorpuzteko,  abesti bakoitzak nortasun bereizgarri bat edukitzea bilatu da, honetarako baliabide musikal desberdinak erabiliz: modo harmonikoak, akorde hibridoak edota esku erritmikoa erabiltzeko teknika.

 

Grabaketa eta nahasketa Julenek garatu ditu, bere lehen ekoizpen saiakera izandu den honetan, hasierako ideietan ez zeuden istripu zoriontsuak besarkatuz. Masterizazioa Ivan Muela soinu ingeniari eta artistak gauzatu du.