Ohearen goxotasunak garai bateko irudiak ekartzen dizkit gogora.
Atzera begira, garai bateko nostalgiak beste niaren irudia ekartzen dit gogora ia errekonoziezin bilakatuz. Itxuraldatua, lausotua. Kafkaren metamorfosiaren prozesuaren erdian… Ikustezin bilakatzen… Gelako leihotik argi izpi bat eta bakarrak gela argazkigintzaren kutxa beltz bilakatzen du. Irudiak alderantziz eta introspekzioa, ahulezia, beldurrak. Gogogabekeria… Eta bitartean zaitut gogoan… Nola arraio atera espiral honetatik? Antsiedadeak ittotzen nau… Etorriko zera? Ez zera etorriko? Nahiago nuke azken egunekoak betiko ahaztu. Baina tximini luzeak etortzen zaizkit burura, egunsentiak harrapatzen gintuen garaietakoak. Tamalez, loratzen ez zen udaberri hartan lore bila abiatu nintzen eta egiari zor… Abisatu zenidan. Tartean telebistan irudi lazgarriak. Hildakoak nonahi, gerra, gure gosaria bero hartzen degun bitartean. Sabela beteta dugun artean. Ez al da hobe lozorroan epel jarraitzea ekaitzak, trumoiek eta tximistek, airea koloreztatzen duten artean? Edo akaso beste diska baten aitzaki eta hizpide dira?
LOZORROAN EPEL Unai Pelayo “Pelax” eta biok aurkezten degun proposamena da. Seguruenik horrelako bizipenak eta ametsgaiztoak eragin zuzena izan dute baina agian ez…