BDLP17 // BD17

Arriskuaren xarma

Neu Troia // 2024

Arriskuaren Xarma sortzeko jarrera bat da. Izan ere, buruari jartzen dizkiogun mugek sormena erasotu egiten dutenean, hau erretirada zentzugabe batean hasiko da. Izu-ikara basati bat, zer esango dutenaren fantasma prehistorikoa barrutik datorkigun errepresio ezaguna dugunontzat. Honela,  Arriskuaren Xarma erretagoardian dagoen euspen dike bat da; honaino. Pentsamenduan errezitatu beharreko mantra bat, beldur hauen kontzientzia hartzeko eta distantzia batez begiratzeko.

Neu Troia-ren lehen lan luzea den disko honetan, energia honek gurutzatzen ditu abesti guztiak eta abestiak ez direna ere… Azala eta formatu fisikoaren diseinua, bideoklipak, testuak… Joera izaten ohi dugu artelan baten borobiltasuna goraipatzeko, erpinetan sortzen diren continuumaren haustura zeozer negatibotzat jotzen delako, artista on  batek menperatu beharreko kaosa. Baina, zenbat unibertso berri sortuko genituzke kaosaren iturri agortezina ez bagenu ito beharko? Zergatik tematu marmolezko eskulturekin suari argazki bat egin ahal diogunean?

“Bilaketa bat egin genuen eta hau da topatu duguna. Ez gaude bereziki interesaturik musika estilo konkretu batekin lotzeko. Dagoen kriterio bakarra gustukoa geneukana eta ez geneukanaren artean bereiztea, eta horrek nolabait ematen dio koherentzia bat guztiari. Honengatik ere pentsatzen dugu mundu guztiarentzako tokia egongo dela diskoan. Batzuk abesti batzuekin identifikatuko dira gehiago, beste batzuk besteekin. Eta norbait guztiekin identifikatzen bada, kar kar kar, gure arima bikia edo horrelako zerbait izango da, kar kar kar, bai, entsegura gonbidatuko dugu ea taldean sartu nahi duen.”

Horrelako lan batetik ezta bere partaide direnen hitzetatik ezin liteke koherentzia handirik espero, eta honengatik, behin eta berriro topatuko ditugu kontraesanak sortu duten arrastoan. Pailazo hutsak dira, pailazo hitzak duen zentzu bakarrean; onean.

Arriskuaren Xarma etiketatzea aski erraza da; Popa, Indiea, Rocka, Folka, Elektronika, Psikodelia, edo hor nonbait dagoen zerbait. Entzuteko une konkretu bat gomendatu beharko bagenu, une post-euforiko batean izanen litzateke. Hau da, euforiaren tontorra ukitu eta jada maldan behera hasten den une horretan. Ospakizun barnerakoi eta lasaian entzun beharrekoa, nostalgiak ematen duen ziurtasunetik (zoriontasun gauzatua delako).

 

Julen Azkona: Gitarra, ahotsak eta letra

Gorka Gabilondo: Teklatuak eta ahotsak

Xabier Matxain: Gitarra eta baxua

Iker Vazquez: Bateria eta perkusioa

 

Grabaketa, nahasketa eta ekoizpena: Jon Aguirrezabalaga, El Tigre estudioa

Masterizazioa: Alex Ferrer, The Groove estudioa